Orri honen irakurtzeko bataz besteko denbora 7 minutukoa eta 42 segundukoa da. Ingurumenari gutiago eragiteko, gomendatzen dizugu bi orrialdetan inprimatzea, zuri eta beltzez, 2 orri hostoka.

Azkaine ezagutu

Herriko etxearen aurkezpena

©imagineart.eu

Larrun, Bizkarzun eta Esnaurko oinetan kokatua da Azkaine. Larrun (903 m), mendebaldeko pirinioetako azken mendia da, kosta atlantikotik sei kilometrotara. Azkaineren toponimia «haitz gain»-etik etortzen omen da, erran nahi baita «muino arrokatsua» edo «muinoaren gainaldea».

Urdazuri edo Ur ertsiko ibarrean garatu da herria. Ibai hori, Nafarroa Garaian sortzen eta Donibane Lohizuneko badian isurtzen da. Haren ibaiadar batzuk Azkaine zeharkatzen dute: Ibardin, Arraio, Etxeberri eta Galardiko errekak. Mareek eragina dute erromatar zubiraino eta horrek du markatzen ibai eta itsas ingurumenaren arteko muga.

Herriaren azalera 1.927 hektareakoa da. 4.156 biztanle dira Azkainen eta hauek azkaindarrak deituak dira. Zazpi auzok osatzen dute Azkaine: Aldagarai, Aranea, Mendixka, Mortzelai, Plaza, Portua eta Serres.

Plaza auzoa, herri barnea da. Elizaren, herriko etxearen eta pilota plazaren inguruak biltzen ditu.

Portua auzoa, herriko bihotz ekonomikoa izan da zenbait mendez: 1846. urtea arte eta RD918 errepidea eraiki arte, kostara joaten zen lehengo bidea Urdazuri ibaiaren ezker bazterretik pasatzen zen: gaur egun oraindik zirga bidea deitzen dena. Izan ere, ibaiak salgaiak garraiatzeko baliatzen zen (egurra, burdin mea, laborantzako edo manufakturatutako produktuak, Larrungo harria, etab.). Ibilbide berean, Donibane Lohizune, Azkaine eta Sara, San Inazioko lepotik lotzen zituen tren bat ibiltzen zen (gaur egun deitzen dugun Burdin bidea karrikatik). Bere joritasunaren ahultze progresiboa izanagatik ere, 1920. urtea arte ibili da portua.

Urdazuriko eskuin bazterrean, Serres (etimologia latina duena: «serra», arrokatsua ez den muinoa, muino luzatua) berezko herria izan da 1845. urtea arte, Azkaine eta Donibane Lohizune herrien arteko banatzea arte. Erdi Aroan, Compostellako bideko geldileku bat zen seguraski ospitale ttiki bat zuen Jondoni Jakobe kapera.

Ondare arkitektonikoa eta naturala

Eliza

Andre Dena Maria elizak erdi aroko aztarnak atxiki dituen arren, bere gaurko neurriak XVI. eta XVII. mendeetakoak dira. Sarrera mendebaldean du, eta ezkila dorreak atari bat babesten du. Atariaren gaineko hiru geletako batean herriko bilkurak edo Erregimen Zaharraren garaiko Biltzarrak egin ohi ziren. Ordulariaren mekanismoak eta ezkilenak beste bi geletan aurkitzen ziren. Iparrean, kanpoan zeharkako eskailera bat, lehen solairura eta galerietara eramaten duena, eta ate ttiki berezi bat, « agoteena » zeritzona (Frantzia hegoaldeko eta Espainia iparraldeko populazio baztertua ; historialariek ez dakite xuxen zergatik : legena ? ijitu egoiliarrak ? kataro errefuxiatuak ?). Ipar mendebaldeko kantoinean 1805eko harrizko gurutze bat ikus daiteke. Lore baratze batek eraikinaren itzulia egin eta hilerrira darama eta haratago Jacques Chaban-Delmas (1915-2000) ehortzia izan den paisaia hilerri batera. Gizon hau luzaz bizi izan da Azkainen. Bi hil harrik herriaren bi seme ekartzen dizkigute gogora, Pierre Larazbal eta Roger Idiart (apez eta euskarazko idazleak).

Eliza barnean, alboetan haritzez eginiko hiru estaia galeriekin. Lehenaren gibelean den balkoian zinpekoak egoten ziren (hortik heldu zaio bere izena : astoteia) eta ipar aldean 1731n eginiko intxaur egurrezko predikaulki bat bazen. Aulki horren apaingarri ikus ditzakegu girlandak eta lumaz orrazturiko Indianoak. Kantorea, sakristiaren gainean kokatua da eta urre koloredun zurezko erretablo batek babesten du. Hiru erregistroko erretabloa biziki apainduak diren bi aldarez inguratua da. Kantore eta aitzin kantorearen zapaia margotuak kutxa oktogonal eta erronboen arteko osaketa bat erakusten du. Nabearen erdian, XIX. mendeko ex-voto batek eta hiru mastako itsas ontzi batek iraganean herriaren ontziola jardunaren eta arrantzale komunitatearen lekuko ditugu. Organoa 1987koa da. XVII. eta XVIII. mendeko zurezko hainbat estatua tindatu 1972ko Monumentu Historikoen Inbentario gehigarrian sartuak dira.

Herri barnea

Euskal Herriko herri gehienak bezala, herri erdi zabalera txikikoa da. XIX. mendera arte eliza eta pilota plazaren inguruko karrika batzuez osatua zen. Purguak lapurdiko arkitekturaren lagin eder batzuk atxiki ditu : bi aldeko teilatua, zurbeso tindatuak, ateburu zizelduak. Baditu ere harrizko etxe batzuk : Indianoa (gaur egun Herriko Etxea dena), Jauregia (gaurko elkarteen etxea dena). Auzoetako baserriek estilo bera dute, edo estilo nafartarra : gehienetan gela komun gabeak ziren, familia osoak bizi baitziren, baita kabalak ere. Aitzinaldea ekialdera begira dute eta pareta nagusi itsu bat mendebaldetik datorren haizeaz babesteko. XX. mende hastapenean, estilo neo-euskalduna agertu zen Azkainen, bereziki turistak hartzeko : « Etchola » hotela, « Basque » hotela, eta abar.

Pilota plazak eta trinketeak

Pilota joko desberdinak praktikatzeko hainbat pilota plaza eta trinkete ditugu. Pilotak bizirik dirau txapeldun handiak eman dituen gure herrian. Azkaine eta Senpere lehia bizian dira xistera nork asmatu duen norgehiagokan. Pilotak artisau moduan egiten dituen azken enpresa lehengo xistera egilearen herrian dugu. Pilota plazaren frontoia 1863an eraikia izan zen eta 1932an berritua, Chourio frontoia eraiki zen urte berean. Laduche trinketea 1959koa da eta Kiroleta kiroldegia, ezker pareta, errugbi-zelaia, igerilekua, tenis pstak eta frontoia dituena, 1980(e)koa.

Latsagiak

Arraberrituak izan diren latsagiek Azkaine herriaren nortasun fisiko eta kulturalaren adierazgarriak dira. Ura entzuten da baina garai haietan garbiketa lanetan ari ziren emazteen ahotsa isildu dira. Latsagi batzuk beste batzuk baino osatuagoak ziren. Batzuek, urtegi ttiki baten gainean, teilaturik ere ez zuten. Batzuetan, bizakrrez bizkar jartzeko jarleku bikoitzak baziren Ibarburu eta Arraiko errotan bezala. Baina baziren ere iturria, aska eta latsagia biltzen zituzten eraikuntza osatuagoak, Putxuan bezala. Hiru osagai hauen hurrenkera higiene arrazoientzat egina zen. 19 ?? eta 19 ?? artean, Azkaineko garbitzaileak « Blanchisseries de la Nivelle » enpresako langile bilakatu ziren. Enpresa horren tximinia ikus daiteke Kiroletaren parean.

Errotak

Azkaine zeharkatzen duten erreken sareak, maiz ur indartsuak ematen ditu eta horri esker eraiki ziren hainbeste errota gure herrian : bihi eta tabako txikitzeko edo galdategiko mailua mugiarazteko, balio zuten. Orain ordea etxebizitza bezala erabiltzen dira.

Zubi erromatarra

V.garren mendekoa daitekeen zubi hau Serres eta Monégur-etik Konpostelarako bidean ziren beilariek erabiltzen zuten Urdazuri erreka zeharkatzeko Berara joateko. Neurri desberdinetako hiru arku ditu eta Monumentu historikoen zerrendan izendatua izan zen 1925ean. Erdikoa zutoinean itsas beheran soilik ikus daitekeen harri zizeldu batek uraren maila neurtzeko balio zuen. Zubia 1983 eta 1994ko uholdeen ondotik berreraikia izan zen, larriki kaltetua izan baitzen.

Erroen etxea

Arkitektura bitxia du, Mexikoko « pueblo » deritzon estiloko etxe horrek. 2000.urtean Monumentu historiko izendatua izan zen Estatu Batuetako Ferdinand Earle zinema dekoratu egileak lekuko bi harginekin 1930ean eraiki zuen etxe hau. Bertan ikuskizun eta arteetako jende ospetsuak errezibitu zituen : Le Corbusier, Charlie Chaplin, Joséphine Baker, eta abar.

Historia haurreko ondarrak

Aira Harriko 9 harrespilak (1956an Monumentu historiko izendatuak), Athekalegun eta Gaztainbakarreko monolitoak, Altsaneko trikuharriak hor ditugu aspaldian egin ohi ziren ehorzketa erritoen lekuko.

Eraikuntza militarrak

Bizkarzun (185m) eta Esnaurreko (273m) gotorlekuek San Inazioko leporako bidea zaintzen zuten. Hauek dira, besteak beste, Larrunen Soult mariskalak eraiki zituen gotorlekuetako batzuk. 1992an Monumentu historiko izendatuak izan ziren.

Informazio gehiago lortzeko:Azkaingo interes turistiko puntuei buruzko informazio guziak aurkituko dituzu turismo bulegoaren webgunean.

Historioa

Protohistoriako artzainek utzitako hilobi arrastoak Larrungo patarretan frogatzen dute giza presentzia biziki zaharra dela lurraldean.

Baina dokumentuek herriaren bizitza aipatzen dute soilik X. mendetik aitzina, Baionako apezpikutegiaren kartularioari esker. Horrek aipatzen du eliza bat 1050ean. 1505ean, Juan de Agorreta  Ascanio, lekuko jaunak, bere armak erregistrarazi zituen: «urrez haritz muskerrarekin berdin zabaltzatua, urrez fruitaturik, zura naturalean eta basurde beltza zur aitzinetik iragaiten; ingurua gorriz zortzi xotx urre gurutzatuekin. Bordeleko Parlamentuak udal estatutuak ematen dizkio Azkaineri 1598an.

XVII. mendeak arrakasta biziki txarra du herriarentzat. Izan ere, herriak jasan izan du Pierre de Lancre kontseilariaren gehiegikeria fanatikoa: sutara eraman du 1609an Argibel, Azkaineko apeza. Hogeita Hamar Urteko Gerrari lotua, Donibane Lohizuneko herriaren eta eskualdearen espainiar okupazioak Azkaine ere hunkitu zuen eta etxe anitz bipildu eta erre zituzten.  1656an, Martin Xuriok eramandako bi urteko gerra zibil batean Azkaineko eta inguruko herrietako familiak elkar sakailatu ziren Lapurdiren kontrola irabazteko. Alde batetik sabel-gorriak ziren (gerriko gorridunak), Senpereko jaunaren aldekoak eta bestetik sabel-xuriak (gerriko xuridunak), Urtubiako Jaunaren aldekoak.

Izu Garaia zabaldu zuen Frantziako Iraultzak Azkainen eta inguruetako herrietan. Biztanleen parte bat susmatua izan zen espainiar etsaiarekin gaizkidetasunaz eta apez ihardukitzaileekin sobera leial egon izanaz.  1813an, Napoleonen Espainiako armadaren gibeletik ibiltzen zen Wellington. Napoleondar armadak gibelera egin zuen Larrun mendi gainera. Nahiz eta Soult marexalak eraikiarazi zituen fortifikazioak, amore eman zuen armadak.

Miarritzen finkatu zuten oporlekua Napoleon III eta Eugenia enperatrizak. Azken hau mendizalea eta hitza sortu baino lehen «folklorezalea» zen eta eraman zuen Azkainera inperioko gorte osoa Larrun igotzeko. Horren haritik, Enperadorearen eskuzabaltasuna lortu zuen eta honek eskaini zuen egurrezko zubi bat Urdazuri gainean, berriztarazi zuen eliza eta eginarazi zuen Sarako bidea (egungo Ernest Fourneau karrika, hau da frantses kimia terapikoaren sortzailearen izena, Miarritzen sortua 1872an eta Azkainen hila 1949an, 1917an bertan erosi zuen etxe bat).

Larrun hotelean iragan zituen egonaldi anitzei esker eta Jean-Pierre Borda, hotel hortako jabe eta xisterrako pilotari ezagunarekin (hara nundik heldu den «Otharre» izengoitia)  lotu adiskidetasunari esker, Pierre Lotik sortu zituen «Ramuntxo» (1896) eleberriaren esparrua, bere pertsonaia eta koloreekin. Obra hau, best-seller bat bilakatu zen eta Euskal Herriko eta Azkaineko irudi berezia jendarteratu zuen.

Bi gerlen artean, Lapurdiko kostaldeko garapenarekin, barnealdeko xarmak gozatu nahi zuten jende ospetsuen elkargunea bilakatu zen Etxola hotela (egun apartamendutan bilakatua).

Bigarren mundu gerran, herria nabarmendu zen aktiboki lagunduz Frantzia Librera zioazen gizonak eta naziar erregimenetik ihes egiten zutenak. De Gaulle Jeneralak, 1947an Azkainen egin zuen bisitaren kari goretsi zuen parte-hartze hori.

Turismoa

Euskal herriko turismo bulegogko web gunea

https://www.en-pays-basque.fr

Eskualde osoko turismo bulego guztiak biltzen ditu gune honek.

Esteka hau ASCAINeko udalerriari dagokio :

https://www.en-pays-basque.fr/territoires-et-destinations/vallee-de-la-nivelle/ascain/   

Rhuneko mendi-ibilietarako aparkalekua

Harrobietako aparkalekuetan txangozaleen ibilgailuen kopurua arautzeko, udalerriak aparkaleku egokituago batera bideratzen du. Esteka hau AZKAINeko udalerrirako da:

https://www.en-pays-basque.fr/territoires-et-destinations/vallee-de-la-nivelle/ascain/

Ondoren, zubi erromatarraren aparkalekua kokatzeko planoa (Errotenea errepidea) :